Portuigualdad - Igualdad de Oportunidades entre mujeres y hombres de Portugalete

Hizkuntza Aukeratu: Español Euskera
Dokumentu Akzioak

Atarikoa


Emakumeek seme-alabei hezkuntza ematen bete ohi duten zeregina aztertuz gero, bitxia da konturatzea hezkuntza horrek lagundu egin duela emakumeak etxeetan gordetzen. Emakumeak izanik familia zaintzeko eta balio ustez egokiak transmititzeko arduradun nagusiak hasiera batean uste izatekoa zen berdintasunaren balioa transmitituko zutela; hala pentsatu dute behintzat askok. Dena den, hausnarketa sakonagoa eginez gero, aurkituko dugu emakumeei hezkuntza eman dien gizartea gizonezkoen neurrikoa izan dela, sistema patriarkalean sartua eta emakumeek gizarte horretako balio nagusiak transmititu dituztela. Hori esanda erraz ohartuko gara zein garrantzizkoa den hezkuntza, etorkizunean andre-gizonak berdinak izango badira. Hezkuntza-sistema sexista formal eta informalaren eragina gainditu ahal izateko, aurreneko urratsa da oso kontuan hartzea sistema horiek kalte handia egiten diotela gizakiaren garapen integralari. Horren aurka, bada, emakumeek argi eta garbi jakin behar dute lanbidea edo ikasketa hautatzeko askatasun osoa dutela.

Azaroaren 5eko 39/1999 Legeak eta uztailaren 9ko 12/2001 Legeak aintzat hartzen dute lan- eta familia-bizimoduak bateratu beharra. Lege bion funtsezko ideia da andre-gizonen erantzunkidetasuna elkarbizitzaren nahitaezko oinarria dela eta, familia arloan sustatuz gero, ederki lagunduko diogula gizakien garapen libre eta integralari. Andre-gizonak erantzunkide izanez gero erabakiak hartzean eta garatzean, aukera berdintasunaren alde jardungo dugu dudarik gabe. Horregatik, bada, ezinbestekotzat jo dugu hainbat egiteko proposatzea, herritarrak ohar daitezen familia eta etxeko ardurak elkarbizitza-unitatearen osakide guztiei dagozkiela eta horrek, emakumeei ez ezik, gizarte osoari ekarriko diola onura.

Portugaleteko emakumeen beharrizanei buruzko azterketak (aipatu bezala, Udalaren Gizarte Sailak egina 2001. urtean) emakumeen ikasmaila ere ikertu zuen. Horren arabera, 1996. urtean Portugaleten 46.597 lagun ziren 16 urtetik gorakoak eta horietatik 25.647 ziren alfabetatu gabeak, ikasi gabeak edo oinarrizko ikasketak bakarrik eginak. Hogeita bost mila eta piko horietatik, 11.317 gizonezkoak ziren (%44,13) eta 14.330, aldiz, emakumezkoak (%55,87).

Ertaineko ikasmailei bagagozkie, berriz, hala lanbide nola bigarren mailakoetan, emakumeak (gazteak gehienbat) gero eta gehiago dira.



Web gune hau hurrengo estandar betetzen du:
W3C-WAI-k web edukirako ezarritako 1.0 Erabilerraztasun Jarraibideetako A mailari dagokion ikonoa - gazteleraz