Ikuspegiak
Elkarrizketa Inmaculada de Miguel Herrán Justizia Administrazioarekiko Harremanetarako zuzendariarekin
2007/09/15 08:00 | -k bidalia webmaster2 | Esteka iraunkorrak | Violencia de GéneroFuente: (bizkaia.net)
Inmaculada de Miguel Herrán Gasteizen diharduen abokatua da, familia, emakume, zigor eta espetxe arloetan aditua. Arabako Abokatuen Elkargoko Gobernu Batzako kidea da, eta 1995. urtetik Justizia Administrazioarekiko Harremanetarako zuzendari dabil Eusko Jaurlaritzan.
Justizia herritarrengana hurbildu behar da, zalantzarik gabe. Erabili ohi diren hizkerak, erritualak, prozedurek eta moduek urruntze antzeko bat sor dezakete, baita, arloan prestakuntzarik ez duenarentzat, justizia konplexua den sentsazioa ere.
Kultura juridikoa herritarrei hurbiltzeko bideei dagokionez, ekimen batzuk abiarazi ditugu kolektibo batzuk kontuan hartuta:
- helduentzat, Justizia Administrazioaren web orrialdearen -Justizianet- edo Justizia Administrazioaren Euskal Behatokiaren bitartez, zabalkunderako materialak eta aldizkako liburuxkak;
- nerabeentzat, Hezkuntza Sailarekin batera programa batzuk egiten dira gazteak Justiziara hurbiltzeko, Justizia Jauregietan ibilbide didaktikoak eta gaiaren gaineko unitate didaktiko bat eginez (azken urteetan, 20.000 nerabek baino gehiagok hartu dute parte jarduera honetan eta bisitatu dituzte epaitegiak);
- haurrentzat, "Justina" izeneko joko elkarreragile bat sortu da euskarri informatikoan, eta lanean ari gara haur eta nerabeentzako pertsonaia, joko eta formatu berriak sortzeko.
Ez dakitenentzat:
Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza Sailaren barruan, zeintzuk
dira Justizia Administrazioarekiko Harremanetarako Zuzendaritzaren
eginkizunak?
Deskribapen oso luze bat saihestearren, arlo handi batzuetan sailkatuko
ditugu:
- Erkidegoan, Estatuan eta nazioartean justiziari lotutako erakunde eta pertsonekin harremanetan jartzea eta koordinazioa egitea.
- Arlo juridikoan eta judizialean eragileak prestatzea.
- Epaitegien funtzionamendurako bitarteko material eta ekonomikoen (eraikinekin hasi eta informatizazioarekin amaitu) plangintza eta hornidura egitea.
- Justizia Administrazioaren euskalduntzea.
- Emakumeen kontrako indarkeria desagerrarazteko programak Justizia Administrazioan.
- Justizia Administrazioaren modernizazioa, epaitegiak, Auzitegiko Medikuntzako Euskal Erakundea, eta abar antolatuz eta justizia herritarrei hurbiltzeko programak abiaraziz.
“Instituzioen erantzuna etengabe berrikusi behar da, proposamenak, neurriak eta bitartekoak biktimen beharretara egokitzeko. Erantzun horrek berehalakoa, koordinatua era eraginkorra izan behar du, baita etengabea ere -emakumeek indarkeriaren ziklotik irtetea lortu arte-” |
Epaile, magistratu,
fiskal eta idazkari judizialentzako prestakuntza-programak kudeatzea
da zereginetako bat; genero-indarkeriaren kontrako prestakuntza
arloan areagotzerik ikusi da eskaintzan edo eskaeran?
Etxeko indarkeriari buruzko eta -Genero indarkeriaren kontrako
babes integralerako neurriei buruzko 1/2004 Lege Organikoa onetsi
zenetik- emakumeen kontrako indarkeriari buruzko prestakuntza etengabea
izan da urte batzuetatik hona. Hala izanik, lege hori indarrean
jartzearekin batera ahalegin handia egin zen prestakuntzan: urte
hartan, José María Lidonen omenez eginiko II. Jardunaldiak
lege horri buruzkoak izan ziren eta 70 pertsonak baino gehiagok
hartu zuten parte. Horrez gain, gaiari buruzko ikastaro bat egin
zen Fiskaltzako eta Idazkaritza Judizialeko profesionalentzat (30
pertsona bertaratu ziren). Urte hartatik, gai hauen inguruko ikastaro
bat dago magistratu, idazkari eta fiskalentzako prestakuntza-programan,
baita hiru euskal elkargoetako abokatuentzako programetan ere.
Horrez gain, Justizia Administrazioarekiko Harremanetarako Zuzendaritzak
Generoko eta Familia barruko Biolentziari buruzko Biltzarra antolatu
zuen martxoan, Donostian. Bertan, 225 pertsona, arazo honi lotutako
hainbat arlotakoak, batu ziren eta bertako eztabaiden ondorioz oso
emaitza interesgarriak lortu ziren (Justizianet-en ikus daitezke).
“Biktima batzuek esku hartze poliziala edo judiziala eskatzen dutenean, bikotekideak jarrera aldatzea edo jotzen uztea nahi dute, eta ez dute nahi era kontziente batean babesteko agindu bat aktibatu -batzuek muzin ere egiten diote agindu horri-. Horrek Justizia Administrazioaren erantzuna zailago egiten du; izan ere, administrazio horren jarduera funtsean zigortzailea da” |
Uste duzu behar
bestekoa dela instituzioek emakumeen kontrako indarkeriari egun
ematen dioten erantzuna?
Instituzioen erantzuna etengabe berrikusi behar da, proposamenak,
neurriak eta bitartekoak biktimen beharretara egokitzeko. Erantzun
horrek berehalakoa, koordinatua era eraginkorra izan behar du, baita
etengabea ere -emakumeek indarkeriaren ziklotik irtetea lortu arte-.
Egun, ahalegin handiak egiten dira instituzioen erantzuna nahi bezain
eraginkorra izan dadin; hala ere, gertaera honen zergatien eta bilakaeran
sakondu behar da, erantzun hori berraztertu edo egokitzeko.
Zuzendaritzan honako bi alderdi hauek azpimarratzen ditugu behin eta berriro:
- prebentzioa: aldaketa kulturalari, balio sozialen eta eredu patriarkalen aldaketari oso estu lotuta dago, eta emakume biktimek beren erasotzaileekin duten mendekotasun emozional eta ekonomikoa apurtzea du helburu. Laburbilduz, emakumeen kontrako indarkeria sortzeko duen edozein jokabideren deslegitimazioa lortu nahi dugu.
- babesa: aholku juridikoa, laguntza soziala, poliziala, judiziala, eta abar sartzen dira babes honen barruan. Izan ere, uste dugu zigor-sistema berez ez dela nahikoa mehatxu hau desagerrarazteko eta ondorioetan ez ezik zergatietan ere jardun behar dela.
Beraz, batetik, tratu txarrak jasandako emakumeek beren bizitzaren kontrola berreskuratzea, eta, bestetik, salaketa eginda emakumeek aktibatzen duten prozesu penalari buruzko gogoeta egitea da helburua.
Bada balio matxistak aldatu
behar direla egiaztatzen duen daturik, beraz, ezin gara oso baikorrak
izan epe motzera. Izan ere, genero-indarkeria bikotekideek elkarrekin
emandako denboraz haratago -urte batzuetan- luzatzen da, eta, familia
barruko indarkeriaren kasuan, biktimak, arbasoak zein ondorengoak,
emakumeak izaten dira nagusiki. Beraz, esan genezake pertsona hurbilen
kasuan, hau da, segurtasun naturaleko espazio batean (etxean) gertatzen
den indarkeria gehienetan emakumeen kontrakoa dela.
“Gertaera konplexu guztietan (eta indarkeria matxista bereziki konplexua da), ikerketa, behaketa eta diagnosia egin behar da dagozkion ekintzak egin aurretik. Ondoren, ekintza horiek eraginkortasuna ebaluatu behar da. Arlo horretan, hain zuzen, eskuratzen du Behatokiak bere zentzu osoa, datuak eskaini eta erkatu eta gogoeta sustatzeko aukera ematen baitu” |
Biktimek arreta
egokia eta pertsonalizatua jasotzen dute beren ibilbide judizialean?
Areago, batzuetan gertatzen da biktimen itxaropenak ez direla betetzen.
Biktima batzuek esku hartze poliziala edo judiziala eskatzen dutenean,
bikotekideak jarrera aldatzea edo jotzen uztea nahi dute, eta ez
dute nahi era kontziente batean babesteko agindu bat aktibatu -batzuek
muzin ere egiten diote agindu horri-. Horrek Justiziaren Administrazioaren
erantzuna zailago egiten du; izan ere, administrazio horren jarduera
funtsean zigortzea da.
Biktimei laguntzeko zerbitzuak, Justiziaren Sailaren mende daudenak, oso lagungarriak izan daitezke, bai aholkua emateko, bai ibilbide judizialean laguntzeko.
Informazio
bila www.justizia.net Euskadiko Justizia Administrazioaren web orrialdera
jotzen dutenek erantzun egokirik lortzen dute beren eskaeretarako?
Justizia Administrazioaren web orrialdea etengabe eguneratzen da
azken berriekin, lege-aldaketekin, protokoloekin eta beste gai interesgarri
batzuekin. Berariaz jarri dugun postontzi baten bitartez helarazten
dizkiguten iradokizun guztiak bildu eta aztertzen ditugu . Justizia.neten
100.000 sarbide inguru dugu hilean. Horrez gain, 2006. urtean, 1.293
kontsulta inguru egin ziren idatziz, eta berehalako erantzuna eman
genien.
Edozein arlotan, eta honetan ere, proposatutako hobekuntzak onartzeko
jokabidea da gure ezaugarria, hobetu eta berritu nahi dugulako.
Tratu txar fisiko, sexual, psikologiko, sozial,
ekonomikoak…, zeintzuk jo behar ditugu herritarrok delitutzat?,
zer dela-eta honen gaineko gure ezjakintasuna?
Tratu txar mota batzuez -fisiko, sexual eta psikologikoez-
etengabe hitz egiten da hedabideetan; hori dela-eta, herritarren
artean ezagunagoak dira delituzko egintza horiek. Tratu txar sozialak
eta ekonomikoak -emakumeen kontrako indarkeriaren beste mota batzuk
badira ere- ez dira hain garbi ikusten; hala ere, aurrera egiten
ari gara eta egun ez da hain arraroa izaten entzutea laneko erasoez,
emakumeek familian edo lagunen artean pairatzen duten isolamenduaz…
Garrantzitsua da adi egotea eta besterik gabe ez onartzea emakumean gutxiesteko edo txarto tratatzeko jokabide batzuk, emakumea gizonaren mende jartzeko edo egoera hori indartzeko erabiltzen den edozein bide indarkeriazko ekintzatzat edo arriskutzat joz.
Erasotzaileak tratatzeko
zentroak zabaltzeak indarkeria gutxiagotzen lagunduko luke? Sendatu
daitezke pertsona hauek?
Egun erasotzaileentzako programa batzuk daude; programa horiek hiru
ardatz dituzte: jokabideari dagokiona, pertsonalitateari dagokiona
eta psikopatologikoa. Hala ere, emaitzak ez dira oraindik behar
bezain garbiak baieztatzeko erasotzaileak tratatzeko programa hauek
erabat eraginkorrak direla.
Edonola ere, legeek ezartzen dute zigorrak berrezi eta gizarteratzeko jarri behar direla; beraz, bakarrik zentzu horretan (erasotzailea egin duen indarkeriaren eta eman duen minaren aurrean jarriz, egindako kaltea konpontzeko benetako borondatea sortzen denean bakarrik) jo daiteke egokitzat erasotzaileak tratatzeko zentroak irekitzea edo programak abiaraztea.
Nire ustez, onartezina da terapia horiek era faltsuan, hau da, zigorrak saihesteko erabiltzea. Ezin dugu ahaztu erasotzaileak emakumeekin duen jokabidea eta bere balio-eskema aldatu behar dituela, errehabilitatzeko. Eta hori ez da batere erraza.
Amaitzeko, Bizkaiko Genero
Indarkeriaren Behatokiak laguntzen du emakumeen kontrako indarkeriari
aurre egiten?
Gertaera konplexu guztietan (eta indarkeria
matxista bereziki konplexua da), ikerketa, behaketa eta diagnosia
egin behar da dagozkion ekintzak egin aurretik. Ondoren, ekintza
horiek eraginkortasuna ebaluatu behar da. Arlo horretan, hain zuzen,
eskuratzen du Behatokiak bere zentzu osoa, datuak eskaini eta erkatu
eta gogoeta sustatzeko aukera ematen baitu. Horrez gain, elkartzeko
eta errealitatearen berri emateko topagune gisa Behatokia egotea
berezko balioa da, denok, emakumeak eta gizonak, pozteko modukoa.